top of page

Polit eta garbi

Uda garaia heldu da, eta badatoz hondartza, eguzkia, izozkiak, bikinia… eta depilazioa. Barkatu, emakumeen* depilazioa (gizona bazara, lasai egon zaitezke). Zure buruari min hori egin nahi ez diozun arren, bikiniaren ertzetik ile lotsati batzuk agertzea ez duzu aukeratzat hartzen, beraz, mesfidati bada ere, zure lotsa guztiak hartuta, herriko estetika zentrorantz abiatzen zara.

Heldutakoan, 55 bat urte inguruko emakume batek beheko partea kentzeko eskatzen dizu (batzuetan telazko tanga bat eskaini dezake, zure barruko arropa argizariz bete ez dadin), eta zuk: “ile asko dauzkat eh, jeje” abisatzen duzu urduri, depilatzera ile gabe joan beharko bazina bezala. Argizaria berotu, eta azalean itsasten dizu, zuri delikatuegiak iruditzen zaizkizun gune horietan, baina jada ez dago atzera bueltarik, eta segundu batez argizari hori kentzeko beste modu batzuk pentsatu nahi dituzu, tirakadetatik ihesi. “Banoa” dio berak, begiak itxi eta lehen tirakada nabaritzen duzu: kristoren mina, joder. Beroa eta erre-sentsazioa. “Ene, hemen bada norbait aspaldian depilatu ez dena, horregatik ematen dizu horrenbeste min”. Irentsi zan. Ea, hitz horiek argitu ditzagun: hobe duzu tortura hau hamar bat aldiz pasa urtean zehar, eta ez udan bakarrik, horrela egin ez izanagatik ematen dizulako orain min.


Argizaria berotu ahala, zure azal eta ileetan itsasten du, eta emakumeak bitartean entzuten ez dituzun hitzak esan eta esan aritzen da, normalean, depilatzen ez den jende horri haien ile aldarrikatzaileak zein itsusi egiten dioten, eta tankerako diskurtsoak. Zuk ordulariari begiratzen diozu, zure buruari tortura hau noiz demontre bukatuko den galdezka. Izerditan zaude honezkero, eta egin dituzun kalkuluen arabera hiruzpalau argizari-bandarekin amaituko du depilatzen. Bat-batean, galdetu gabe, argizari pixka bat izterraldean jartzen dizu, “hemen dituzun ile hauek ere kenduko dizkizut, zatar gelditzen dira eta”, klixka-klixka begiarekin. Mesede bat egingo balizu bezala. Kaka zaharra. Eta amaitu du, azkenean. Hau lasaitua. “Beno, ba horrela 10 €…” eta azken perla bat: “garbi egotearen sentsazioa zoragarria da, ezta?”. Bota du. Zuk buruarekin baietz diozu, musukoaren azpian irribarre tuntun bat gordez, eta bazoaz oinez, ahal duzun moduan, hankak zabal zabalik daramatzazula kuleroak ipurdian itsasten zaizkizulako, eta 10 euro gutxiagorekin. Esperientzia zoragarria. Orain GARBI eta POLIT zaude, eta ERRUGABEA zara.


Zenbat emakume* sentitu dira identifikatuak egoerarekin? Zenbatek bizi izan du egoera antzeko bat? Zenbat emakumeri* ematen dio beldurra urteko lehen depilazioak? Tamalez, pasarte txiki hau, emakumeok* bete behar ditugun ezaugarrietako bakarra da, 11 urteko haurrak “ezpain gaineko iletxoak” depilatzera kondenatzen ditugu, apirilean hasten digutu dietak “zezenak harrapatu ez gaitzan” argaltasun parametro lortezin bati jarraika, makilajez estaltzen gara, eta abar luze bat. Hori guztia errealitate bat da gure gizartean, egunerokotasuna.


Bai, badakit, beste feminazi bat bere kontuekin, beste artikulu aldarrikatzaile eta errepikakor bat, beste diskurtso aspergarri bat… Baliteke besteen begietara hitz hauek entzunegiak izatea, larregi esanak, “beti berdina”... baina ahazten zaigu, oraindik, gaur egun, autolesioak eta mozketak egiten dituzten pertsonak daudela besteen begietan “ederrak ez izateagatik”, elikadurarekin erlazionatutako trastornoak, muturreko dietak, porrotaren sentimendu bat, mila kirol jarduerek sekula aldatuko ez dutena, frustrazioa eta negarrak,... sufrimendua, finean, edonon eta edonoiz.

Baina zein da norma, zer da normatiboa, gure inguruan ikusten ditugun gorputzen gehiengoa kanon horietatik zeharo urrun baldin badago? Kiroldegietako aldageletan, igerilekuetan eta hondartzetan gaude, baina inoiz ez telebistan, iragarkietan edota modeloetan. Gure normaltasun propioa aldarrikatzearen garrantziaz ari naiz, arau nazkagarri horiek apurtzeaz, gure osasun mentalaz arduratzeaz, norbere burua mindu eta maitatzearen arteko gurpil-zoroa apurtzeaz. Ez gaude politago isilik, ez argalago, ezta altuago eta makilatuago, eta horrela zoriontasuna lortuko dugula saltzen diguten bitartean, presio sozialaren ondorioz depilatzera joan, nire buruari min egitea onartu eta iruzkin negargarri horiek jaso behar ditudan bitartean, idazten jarraituko dut, borrokan jarraituko dugu, kaleak betetzen, oihuz aldarrikatzen, normatibitatea gu geu garela erakusten, geure aniztasunean. Patriarkatua eroriko da, edo botako dugu. GORA BORROKA FEMINISTA.



PD: ez dakit beharrezkoa den argitzea ez daukadala ezer herriko estetika zentroen eta bertako langileen kontra, baizik eta gizarte honetan aurrez ezartzen diren patroi eta arau horiek eragiten diguten presioarekiko baizik. Zoragarria litzake pertsona guztiok estetika zentroek eskaintzen dizkiguten zerbitzuak hautu librez kontsumituko bagenitu.

Nerea Zubizarreta Montero

39 views0 comments

Recent Posts

See All

URDURITASUNA KUDEATZEKO 5 AHOLKU

Adi! Artikulo hau nire esperientzia profesional eta pertsonalean oinarritutako aholku eta gakoez osatzen da, eta ebidentzia bibliografikoa kontsultatuta idatzi izan arren, ez du balio antsietate krisi

Eztia eta mingotsa

Zure mundua paradoxa bat da niretzat: eztia eta mingotsa isilarazi egiten nau eta ez dakit zergatik otzan bilakatzen nauelako edo agian hitzak lapurtzen dizkidalako eta hitz horiek irentsi zulo beltz

Mugaz gaindi

Mugak desagerrazi ditu pandemiak mundu guztian zehar. Estatuak ez ezik, itsasoak ere zeharkatzeko gai izan da gaitza eta han-hemenka, inoiz baino gertuago sentitu ditugu alboan sentitzen ez genituen h

bottom of page