Zure mundua paradoxa bat da niretzat:
eztia eta mingotsa
isilarazi egiten nau
eta ez dakit zergatik
otzan bilakatzen nauelako edo agian
hitzak lapurtzen dizkidalako
eta hitz horiek irentsi
zulo beltz batek bezala
esangura desagertarazi arte
Eta nigan sortzen dituzun plazerretan badago
zulatzen nauen zerbait
ezpainekin zirikatzen nauzunean
listua ozpina bailitzan
zauriak sumintzen dizkidazu
zaurietan sumintzen naiz ni, eta zu ere sumintzen zara
Badirudi zugan ezin naizela izan
oinaze baino
Laztantzen zaitudan bakoitzean
nahiko zintuzket biluztu
eta gero desegin
azala gogor atzamarkatuz, erauziz
odoletan utzi arte
zure zainak sustraiak bailiran
errotu egingo nintzateke, lehertu arte
bestela ez dakigunez
behingoz desestal zaitezen
jakin nahiko nuke zer den gure arteko hutsune hau
Matilde Aizpurua
Comments