Mugak desagerrazi ditu pandemiak mundu guztian zehar. Estatuak ez ezik, itsasoak ere zeharkatzeko gai izan da gaitza eta han-hemenka, inoiz baino gertuago sentitu ditugu alboan sentitzen ez genituen horiek. Pandemiak gerturatu dituenak ordea, urrundu gaitu Bidasoaren bi alderatara bizi garenak.
Esan digute, pandemiak ez duela identitaterik atzean izkutatzen. Baina ikusi dugu, gure Herriko bi aldeak poliziaz eta kontrolez josita. Esan digute, gaitzak ez dituela klaseak ezta arrazak bereizten, baina ikusi dugu miseriatik ihesi zetozenak Bidasoaren ur magaletan itotzen. Kapritxosoa nonbait pandemia, batzuek nahi dutenean mugak ezabatzeko gai izan eta bestetan, harresiak eraikitzeko gai denean.
Mundu globalizatuaren pandemian, berdintasunaren atzean gorde dira zenbait zapalketa, batzuen botere nahiak ezabatu nahiriko identitateak. Estatu Jakobinoaren beste erasoaldi bat ikusi berri dugu Bidasoaz bestalde euskararen herrian azkenengo egunetan, hizkuntza gutxituak desagerrarazterako bidean frantziar Chouvinismoak berriz ere atzaparrak erakutsi dituenean.
Milaka herritarrek hartu zituzten ordea Baionako kaleak joan den larunbatean, inoizko erantzun handiena emanik euskararen eta euskal hiztunen defentsan, muga guztien gaindi, euskararen herriak bizirik jarraitzen duela eta jarraitzeko borrokatzeko prest dagoela erakutsiz. Beharbada, Bidasoaren hegoaldera bizi garenok ere, pandemiaren gaitzak itsutu eta gure mugak zeharkatu aurretik, begiak zabaldu beharko genituzke Irundik iparraldera ere herri garela konturatzeko. Berandu baino lehen, mundu globalizatuaren pandemiak jan ez gaitzan.
Garikoitz Igartua
Comments